XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) sendatu zenean etxera bidali zuten, baina aspertzen zenez eta ospitaleko oroitzapenak oso gozoak zirenez, itzuli egin zen, eta orain ia-ia erizain lana egiten du, ahal duen neurrian.

Ia beti oheren bat libre egoten dela aprobetxatuz, hortxe egiten du lo, eta egunez eta gauez, gaixoek behar dutenari adi egoten da; horrez gain, jatorduetan ere laguntzen du eta edozein arazo egonez gero, medikuak abisatzera joaten da berehala.

Bien bitartean, eskuetan daraman arrosarioarekin otoitz egiten du eten gabe, ospitaleko beste gaixo gehien-gehienek bezalaxe.

Horrelakoxea da ospitaleko giroa, etsigarria baina aldi berean esperantzatsua eta familiartekoa.

Gaixoek elkarri asko laguntzen diote eta badirudi inork ez diola beldur handirik bere gaitzari edo gerta dakiokeenari.

Estai nagusiko gelaz gelako osteratxoa amaitu dugunerako berandu samar zen.

Hori dela eta, tuberkulosoen solairurako bisita beste momentu baterako utzita, bazkaltzera joatea erabaki dugu.

Horretarako gobernuko eraikinen artean kokatuta dagoen jatetxea aukeratu dugu.

Ospitaletik kanpora irten eta alboko tabernaren aurretik pasatu gara.

Artean hantxe zegoen, kartetan, lehengo gazte taldea.

- Mozorroa kenduta kartetan dabiltzan horiek ez dira tuberkulosoak izango? galdetu diot Pedrori.

- Bai.

- Eta gaixotasun hori ez da oso kutsakorra?

- Bai, baina, ikusten duzunez, gaixoak ez daude, lar kezkatuta erantzun dit, etsipenezko keinua eginez.

Berez horiek denek mozorroa ahoan eta geletatik irten gabe egon beharko lukete, baina...

Aldapan behera jarraitu dugu pixka baten eta berehala tibetarren atzerriko gobernuaren aurrera heldu gara.